Hortxe, Miren,
- Ainara Ruiz Urizar
- 20 abr 2020
- 1 Min. de lectura
Koarentena deitzen diote, berrogeialdia. Berrogei egun… Hamabost, lehenak, gero beste horrenbeste, eta azken hauei gehiago batzen zaizkie presidentearen hitzartzeen ostean. Beti. Laister bihurtuko dira egunak pluralean zenbatuko ditugun hilabeteak.
Kafea irakitan, etxeko leihotik begira dago -patiora ematen duela eta argirik sartzen ez zaiola aipatu beharra dago-, egunak berdinak egiten zaizkiola sentitzen du. Asko ez barru, kalera ateratzea baimentzen diotenean, Mirenek ez du duda izpirik izango. Zein arraro egingo zaion normaltasuna? Ez al da kontraesankorra esaldia bere horretan?
Tira, kontziente da erromantizatutako koarentena bizitzen ari dela. Kontziente da, familia askok ez daukatela egunean behin baino ahora zerbait eramateko aukera, entzuten du emakume asko erasotzaileen hatzaparretatik ihes egin ezinik daudela, telebistan ikusi du bizikletan ari diren banatzaileei soldata erdira jaitsi dietela. Kontziente da? Hori diotso egunero bere buruari. Ordea, benetan al da? Hamabost minutu pasatzen diren momentuan eta sare sozialetara sartzen denean ahaztuko zaio pentsamendu-zurrunbilo hori, ahaztuko zaio nolabait errudun sentiarazten duen antsietate sentsazioa.
Lerro hauetako kaosa lez, dabil Mirenen burua egunotan, hilabeteotan. Egunez egun, asko pentsatu gabe, “egin behar duena egitea” erabaki du. Antsietatearen eta pribilegioen jabedun, hortxe, berrogeialdian, Miren. Hortxe, besterik gabe.
Comments