Giltza
- Ainara Ruiz Urizar
- 9 jul 2018
- 2 Min. de lectura
(egunero berrietan irakurtzen diren albisteen inguruan)
Eskuan daukat. Ez atzera eta ez aurrera gelditu naiz, ilun dago eta ez naiz ausartzen. Nire buruan dauden ideiak ere ilun, baina, inoz baino argiago. Sentitzen dut, zapala, menditsua. Bere zilarraren hotza barruraino sartu zait. Berriro gogoratu ditut barruan sentitu ditudan sentsazioak.
Laztan zakar bat, lehenengo.
Begira gelditu naiz nire eskuari, izkina zorrotz horiek izan dira behin eta berriz bertara eraman nautenak, ezin aldendu. Ezin, edo agian ez naiz ausartu. Ez dakit. Egunero egon izan naiz ate honen aurrean, nire frustrazio eta ezintasun denen sarreran. Kate guztiak bere tokian mantentzen dituen eguneroko amua daukat eskuetan.
Oihu bat, gero. Oihu izugarri bat, belarrondoko bortitz bati jarraiki.
Belarria ipini dut atean, sarri egin izan dut. Barruan egongo da? Atearen beste aldeko isiltasun hori arrotzegia iruditu zait. Ez nintzen, akaso, lekuz nahastuko? Gezurra. Beste batzuetan ere egon izan da isiltasunik, baina, edalontzi baten danbatekoak hausten zuen isiltasuna. Isiltasuna eta lasaitasuna. Kristalak lurrean, gorrotoa airean. Edalontzia ez zenean, ukabila zen eta ukabila ez zenean ahotsa. Kolpe batek baino gehiago mintzen eta zapaltzen ninduen ahots lizuna.
Hormaren batek agian kontatuko luke ikusi eta entzun duen guztia, eta ez nintzen hemen egongo, ez horrela behintzat. Atearen aurrean eta sartzeko beldurra ordez, hemendik ateratzeko inoiz baino gogo eta indar gehiagorekin.
Geldirik nago, eta ohiz bezala negar malkoa erori zait. Baina, ez da orain arte izan den bezalakoa. Negar malkoa, amorruz, tristesiz, inpotentziaz betetakoa... Zergatik heldu naiz hau sentitzera? Nola honaino? Ez noa onartzera nire errua izan denik, ez nago prest eta ez dut egingo.
Beldur guztiak utzi eta argirantz joango naiz, badakit, ez da erraza izango, ez du inork hau niregatik egingo. Ordua da. Leiho bat ireki da. Eguzki printza ikusten da urrunean, atzera begiratu ere egin gabe, askatu naiz. Banoa, hemendik urrun.
Eskuan daukat, giltza, eta horrexegatik bada, bota egin dut.
Comments