Inspirazioa, papera eta arkatza
- Ainara Ruiz Urizar
- 19 feb 2017
- 6 Min. de lectura
-Kaixo Mikel, Ainara naiz, kazetaritza ikasle Lekeitiarra. Elkarrizketa bat nahi dizut egin...
-Leketxarra, jajajaja. Baibai, zelan ez ba, neu be ibiltxen nitxan horretan!
MIKEL ETXABURU irratiko 10etako albistegiko sintoniaren hotsarekin batera sartu da atetik. Euri jasa izugarria ari du kanpoan eta busti-bustita sartu da. Atetik pasa eta orri txuria eta arkatza atera ditu poltsatik, inspirazioa edonondik etorri eta hor plasmatzeko aukera galdu ezingo balu bezala.
Taberna batean gelditu gara, bi te gorri dauzkagu mahai gainean. Filologo, irakasle eta idazleak, elkarrizketaren nondik norakoak galdetu dizkit, aurretik ere azaldu nion, baina, modu egokia da nonbaitetik hasi eta izotza hausteko. Nik, pertsonalki ez dut atsegin taberna batean gelditzea elkarrizketak egiteko, zarata asko, jendea hizketan... Mikrofonoa jarri du eta bion artean mahai baten zabalera soilik egon arren, ezin dugu elkar ongi entzun. Elkarri ohiuka bezala ibiltzeak, arraro eta biolentoa egiten du egoera.
Arrazoi nagusi bat dago gu hemen egoteko. Albiste batean irakurri dut liburua idatzi berri duela eta bere gainerakoak gustuko izan ditudanez elkartzeko eskatu diot. “Lo zaudela zabaldu dizkizut begiak”, izenburu bitxia, gutxienez.
Horren zergaitia jakin nahian hasi naiz. Bere azken lanean bereziki plasmatu nahi izan duena aldaketa omen da, aldaketa behar dugula. Idatzien bidez, eraldaketa eragin nahi du irakurtzen duen pertsonarengan, hauek heldu beharra dagoela ikusten du. Izenburuan, horregatik, irudi polisemiko bat bilatu nahi izan du. Alde batetik, maite dugun pertsona horren ametsak ikusi ahal izatea gustatuko litzaioke (zer pentsatzen duen, zein flash pasatzen zaion burutik...). Matrix etorri zait burura, mugikorren “hegazkin moduan” gaudela esan duenean. Gure mundu honetan aske garela uste dugu, baina, bitartean norbaitek lo induzitu baten bidez kontrolatzen gaitu. Esna gaudela uste dugu, ez dugu ikusten gure eguneroko ekintzak nahiz emozioak behartuak direla, gu konturatu gabe.
Nobelista famatuek askotan deskribatzen dituzte emozio zein bizipenak, irakurlea istorioaren parte bihurtu ahal izateko, irakurlea bera protagonista bihurtzeko. Guilliverren abenturak liburuan Jonathan Swift idazleak Guiliver Liliputera ailegatzen den unea kontatzen du lehen pertsonan eta narratzaile orojakilearekin, nola heldu zen irlara eta han gertatu zitzaizkion abenturak. Hala egin du Mikel Etxaburuk ere bere azken liburuan, gehiena lehen pertsonan idatzi du, irakurlea bera ekintzailea izatea lortzeko.
Aurreko bi arrazoi hauengatik jarri dio Mikelek “Lo zaudela zabaldu dizkizut begiak” izenburua. Irakurlea protagonista bihurtuz, munduan eta gure inguruan egiatan gertatzen ari denaz ohartarazteko. “Ez na ni inori begixak zabaltzen dotzana, irakurlik berak pentsako dau zeozeñei begixak zabaldu bitzan edo bere buruai hoixe bera egin bitzan”.
Taberna honetan etxean bezala sentitzen da Mikel, tokia lasaia da eta hona etorri ohi da eguneroko kafea hartzera. Ni ere horrela sentiaraztea nahi izan du. “Egun on maja” bateki agurtu baitnau. Giro honetan, gogoratu nahian dago nondik datorkion poesiarako grina, ez daki. Barrea irten zaio bere amarekin gogoratu denean, ama ere poeta baitu 84 urterekin. Agian, hortik etorriko zaio idazteko grina edo agian bere jaiotzatiko identitatearen parte da, beste batzuk dantzariak izango diren bezala. Ez da esaten bada, artistak sena izaten duela, hori ez dela ikasten?
Ondarrutarrak gustura egiten duen ekintza da poemak idaztea, nortasunean edo genetikan eramango du, agian. Txikitan ikastolara joaten zenean, ordu erdi lehenago etxetik irten eta lehen pisuko eskaileren petrilean esertzen zen poemak idazten. Zer idazten zuen gogoratuko balu bezala gora begira hasi da. Bota baten bizi istorioa idatzi omen zuen behin. Gaur egun ere handik pasatzen denean, momentu batean eseri eta gero abiatzen da amarenera.
Bada denbora bat idatzi gabe dagoena. Hala ere, askotan ez da denbora garrantzitsua. “Helburu ez da egunero idazti eta zeure buru derrigortzi”. Bere lagun bati behin esan behin “no hay musas que valgan”. Izan ere, zebait idazteko txip horretan egonez gero, berez etorriko dira hitzak, zuk ekarriko dituzu. Ez da inor, ez ezer etorriko zuregana bat batean.
Oraindik ere hor dauzka papera eta arkatza, agian ekarriko ditu hurrengo liburuan argitaratuko duen poema baterako hitzak. Txip horretan baldin badago, behintzat. Bere itxurari erreparatzen nago eta momentu batez Bruce Willis etorri zait burura, bera ere artsita eta burusoila delako. Berarentzako hasieran konplexu bat izango zen agian, baina, kartzelan lortu zuen jendeak pentsatzen zuenari muzin egitea.
1969an jaio zen Ondarrutarra. Gizakia ilargira heldu zen une berean eta Juan Carlos erregea Francoren ondorengoa izendatu zutenean. Hauen ondoren ere urte askotan Euskal Herrian eragindako errepresioaren biktima izan zen Mikel, kartzelan. 2011an ziegatik idatzi zuen bere lehen liburua. Konplexuak galdu arte ez baitzen ausartu ezer publikatzen. “Nik ez dot sinisten berantzat idazten daben poetengan. Bat bada be, beti nonontzat idazten da. Kartzelan lortu neban hori, konplejo guztik kentzi, han inoren iritzixai garrantzi gitxi emoten ikasten dozu”. Ziega barruan aske izatea lortu zuen Mikelek, kalean bezain aske izatea behintzat.
“Sustraiak sortu zaizkit eskuetan, zure enborrari sendo eusteko” idatzi zuen ziegatik Sustraiak poeman. Askotan agertzen da zuhaitza bere poemetan, askatasun pertsonalaren seinale. Honen bidez, desherriari idatzi nahi izaten dio, bai fisikoa (kartzelan pairatu zuena), baina batez ere, psikologikoa. “Zuhaitza metro karratu baten bixi re hirixan, bañe, udazkenin loratzen jarraitzen dau”. Izan ere, esperantza da atzerrian inoiz galtzen ez dena. Atzerri psikikoaz ari gara, gure buruak aske izaten uzten ez digularik edo handik irten nahi ez dugularik, mugitu ezin den hiriko zuhaitz desherriratuaren moduan egoten garen tokiaz. Komodo sentitzen gara, ezarri diguten atzerri horretan.
Etxaburuk, hori bilatu nahi du poemekin, gure nortasuna ezagutu eta gure bildur eta abantailekin atzerri hori ezagutuz hortik irtetea edo irteten ez bagara ere, guk nahi dugulako izan dadila. Hala, desherriari idazten dio askotan, Gariren abestian bezala esperantzara kondenatuak gauden pertsonon desherriari.
Txorien katua entzun da abesti batetan. Txoria dator esatera poema bat idatzia badu ondarrutar idazleak. Nik baneukan txori bat txikitan kaiola barruan, eta hala sentituko zela ziega barruan Mikel, seguru asko. “Bero euan egun hartan eta idazten neuan, txorixe barrotitan euan, iruditxu gaztan mezu bat eukala, mendeku moduko bat. On zeu zaz kaxolan!”. 2 urte haietan Mikel zen kaiolaratutako txoria. Zirrikituak bilatu zituen 4 pareta haietatik irteteko, poesia izan zen irtenbide nagusia. Askatasun eremu mentala lortzea beharrezkoa zuen momentu hartan.
-Irakurri nuen behin zure kartzelako kideen partez gutunak idazten zenituela.
-Askotan etxen neban. Egunero nebilen neure modulun idazten eta edozelako jenti geuazen; idazten ez ekixenak, irakurten ez ekixenak... Behin ijitxo bat etorri gaztan beran neskiai karta bat idazteko esanez.
Literatur ariketa bat da besteen azalean jarri eta hura izango bazina bezala idaztea. Behin elkarrizketa batetan hala esan zuen:
“Ia denek daukate kanpoan neskalaguna, emaztea, emaztetzat nahiko luketen emakumeren bat edo beste... Haietako zazpi edo zortzi emakumerekin gutun bidezko harreman estua izan nuen bi urte horietan. ¿Mikel, le escribes una carta a mi mujer?; Sí, cómo no; dime, cómo se llama, dónde vive y qué cosas le pueden gustar. Behin datu horiek jaso ondoren, ¿y qué quieres que le ponga? galdetzen nien, eta denek gauza berdina erantzuten zidaten: eso tú, tú que escribes bien, ya se te ocurrirá algo. Eta horrela ematen nituen arratsaldeak ezagutzen ez nituen emakumeei maitasun gutunak idazten. Dibertigarria, eta atsegina, hiru aldeentzako, uste dut nik. Baina hoberena, erantzunak izaten ziren, harrituta erantzuten baitzuten emakumeek, Neruda ea nor zen eta ea hainbeste non ikasi duen galdetzen zidaten edo zioten gehienek. Atsegin nuen ariketa. Nire falta sumatuko zuten handik atera nindutenean, ziur, batez ere gutunen hartzaileak ziren emakumeek".
Karta hauek aprobetxatzen zituen beraren erreferente ziren poetak eta literatur idoloak aipatzeko. Bere burua zerbaitetan entretenitzeko modu bat zen. Askotan karta bat idazten 3-4 aste pasatzen zituen.
Enrique Baltanás poeta Sevillarrak esana dauka “Hay poemas que salen de una vez, claros y definitivos, limpios y contundentes, y entonces, para explicar ese fenómeno, no hay más remedio que recurrir a la palabra inspiración, aunque otros puedan creer que la palabra justa sea suerte”.
Hala ere, Mikel Etxaburuk hitzak datozenean idatzi eta buelta asko eman behar dizkio. Lope de Vegak ere esaten zuen: “el verso claro y el borrador oscuro”. Izan ere, poeta askok ez dituzte zirriborroak zakarretara botatzen, berriz Baltanásen hitzak hartuz: “Ningún borrador se debe tirar a la papelera, sino depositarlo en el cajón y dejar que pase el tiempo. Algo quisimos decir, algo vimos, aunque todavía no lo veíamos del todo”.
Edariak jasotzen datorren zerbitzariak eten digu elkarrizketa:
-Non genbiltzan? – galdetu dit idazleak
-Publikatzeari buruz. Badaukazu poemaren bat berriz publikatuko ez zenuena?
(Serio jarri da, sentikor, hau galdetutakoan)
-Elur poemi re publikako eneban poema bat. Herixotzi trataten dau eta nire amari buruz de. Euskadi Irratian behin horixe aukeratu eben errezitateko eta nire ama etxin euan entzuten. Justo etxea alla nitxan bera entzuten euanin eta esaztan: “Barai nik herixotzi dela eta nonox hil binazela, ondo eizu”. Baina, nitzat bereziegixe ra publikateko.
Bion ahotsak soilik entzuten hasi dira, taberna hustu egin da. Momentu horretan bere ahots goxoa sumatu dut. Liburuak publikatzeaz gain, errezitatzen ere ibiltzen da Mikel, ez da zaila izan behar ahots horrekin jendea zeureganatzea. Baina, beldurra sortarazi behar du zuk idaztitako dena besteei azalarazteak. Pozik gogoratzen du bere errezitaldi bat, asko gustatzen baitzaio bere poemak irakurri eta jendeari heldu zaiola ikustea, erreakzioak ikustea. Zure nortasunik intimoena erakusten da errezitatzean eta horretarako oso gustura eta seguru egon behar zara zure buruarekin.
“Nortasune oso lotute euki ezik, biluztasunak ikari emoten dau, halan da be, babes gunik dakauz danok eta biluzti erlatibu re”. Gorri jarri da momentu batean, kontzienteki egiten duen biluztea burura ekarriko balu bezala. Behin Diario Vascoko kazetari batek esan zuen poetek ez daukatela ezer galtzeko. Jada, daukaten guztia erakutsia dutelako. Elkarrizketetan fidagarrienak direla adierazi zuen, beren buruarekin eta nortasunarekin konforme egonik, zintzotasun osoz erantzuten dutelako.
Pertsonalitate handikoa da idazlea, edozein mutil ez da begiak pintatuta etortzen. Kleoplatraren antz pixka bat badauka. Estereotipoak hausten dituela iruditu zait eta berak ere hori uste duela dirudi. Konturatu egin da itxurari begira nagoela. “Ni aspalditxik na kalbo eta nire ezaugarrixak onartu bitxuaz bestingan eragin ahal ixateko”.
Bazkalaurrea heldu da eta hizketan ibili gara denbora askoan. Baina, joan aurretik gizarteari buruz hizketan hasi da. Bere liburuaren helburura jo dugu berriz, aldaketa dela helburua, norbera ezgutu eta kateak apurtzea. Pertsona da helburua. Pertsona aske batek herri aske bat egiten duelako.
Ulertzen dut Mikelek esan nahi duena, pertsona orok beren burua heztea nahi du, gizarte hobe batera bidean eta hala denok aske izango garen gizartea erakitzeko. Isildu egin da lehen aldiz “Bai, hori da”, esan du eta amaitu.
Mikrofonoa kendu du eta momentu batez hari begira gelditu da, bere kazetari garaiak gogoraraziko balitu bezala.
Comments